BEROKUNTZA SAREA

Azken eguneratzea 12017/4/14(e)an

Garazi Baigorri Lurralde eremuak galdeginik, Pirinio Atlantikoetako Energia Sindikatuak, Donibane Garaziko eta Izpurako herriekin partaidetzan, erabaki du egurrarekin ibiltzen den berokuntza sare baten eraikitzea, lurraldeko bastimendu batzuen berotzeko.

Beraz, 2016ko urte hondarrean, kontsulta baten ondotik, Pirinio Atlantikoetako Energia Sindikatuak Dalkiaren esku utzi du egurrarekin ibiltzen den berokuntza sare baten eraikitzea, ustiatzea eta lau urtez mantentzea. Sare hori sutegi zentralizatu batek elikatuko du.

Berokuntza sare hori pentsatua da herriarteko igerileku berriaren, Luro fundazioaren eta Menpeko Adindunen Ostatalekuaren energia beharren betetzeko.

 

Airez aire eginak diren obrak

Alde batetik, sutegitik atera ur bero-beroa abonatuei eramanen dieten hodi isolatuen ezartzeko behar diren arroilak egiten ari dira. Lurpeko sare hori 1300 m luze da.
 
Bestalde, sutegia eginen da. Egurrarekin ibiltzen diren bi berogintza galdarez osatua da, horietarik bakotxa 200 kW-koa izanik. Gainera, sutegiak gasarekin ibiltzen den 900 kW-ko galdara bat ere badu, sokorri gisa.

Sarea egin eta sutegia eraiki ondotik, bigarren mailako berotegiak eginen dira. Bastimendu bakotxaren behereko aldean izanen diren muntadura ttipi horiek berotegi zentralak aterako duen beroa errekuperatuko dute eta hedatuko, bero-trukagailu batzuen bidez.

Beraz, lehen funtzionamendu-entseguak 2017ko urrian eginen dira.

 

Energia trantsizioaren aldeko tresna bat

Egurrarekin ibiltzen den Donibane Garaziko eta Izpurako berokuntza sarea urrats konkretua da energia trantsiziora buruz aitzinatzeko eta ingurumenaren zaintzeko, eta Hazkunde berdearen alde, energia positiboa duten lurraldeak izeneko desmartxan osoki sartzen da. Hain zuzen, lurralde eremua desmartxa hortan sartua da.

Alabaina, biomasa erabiltzen da, Mendiben plantatua den Sugarai Interes Kolektibodun Kooperatiba Sozietateak saldu egur plakatxoak baliatuz.

Beroa energia berriztagarriak erabiliz ekoizteko proiektua da eta, gainera, ohiko energiak (fuel-olioa, gasa) baino merkeago ateratzen da. Ondorioz, Akitania Berriko ADEME agentziaren diru laguntza bat erdietsi du.